Jaun-andre agurgarri horiek:
Harriduraz eta auzo lotsaz irakurri dut gaurkoan IKTeroak blogeko Maite Goniri EGA azterketak saretik kentzeko eman diozuen aginduaren berri. Erabaki zentzugabe horren aurrean, neure iritzia azaldu eta atzera egiteko eskaria luzatu nahi dizuet idatzi honen bidez.
Kontuan hartuta:
1.- Administrazioarekin bat egiten dugula gure hizkuntza lau haizeetara zabaltzeko asmoan, eta xede hori lortze aldera, EGA azterketak bezalako materiala publikoaren eskura egoteak mesede baino ezin duela egin.
2.- Aurrekoa kontuan hartuta, IKTeroek hartutako lana (azterketak digitalizatzea eta publikoari eskaintzea) Administrazioak berak hartu beharko lukeela bere gain.
3.- IKTeroek DOHAINIK egin dutela diru publikoaz elikatzen den Administrazioak egin behar zuen lana.
4.- EGA materialak ere diru publikoz sortuak direla, eta beraz publiko izan behar dutela.
Ondokoa eskatzen dizuet:
1.- Atzera egin dezazuela IKTeroei ezarritako debekuan, eta baimena eman dezazuen berez ZUEI DAGOKIZUEN lana, DOHAINIK egin dutena, berriz ere partekatu ahal izateko.
2.- Neurriak har ditzazuela EGA eta antzeko azterketen hurrengo deialdietako materiala online zabaltzeko, ahalik eta zabalkunde handiena emateko asmoz.
Besterik gabe, eta ordezkatzen nauten administrazio publikoaren lotsa sentiarazten didan debeku zentzugabe hori bertan behera utziko duzuelakoan, jaso agur bero bat.